XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela, Estilo Kognitiboak noraezeko tresna gertatzen dira zenbait Subjektuk lan formaletan erakusten duten porrota esplikatzeko.

Eremuarekiko Dependentzia-Independentzia Estiloaren eragina dela eta, subjektuek duten konpetentzia operatorioa ez da dagokion aktuazio bihurtzen.

Horregatik, subjektuaren konpetentzia aktuazio bihurtzeko garaian, haren Estilo Kognitiboa kontuan eduki behar dugu.

Material Kurrikularrak ikaslearengana egokitzeko garaian, Epistemologia Genetikoak badu zeresanik; baina, ikaslearen ezagutza-estiloa kontuan hartu behar da: Eremuarekiko Independenteek erraztasun handiagoa dute ariketa formalak ebazteko.

7. Korrelazio positibo esanguratsua aurkitu dugu Pentsamendu Logikoaren Garapenaren eta Natur Arloko errendimenduaren artean.

Pentsamendu Logikoaren Garapenean aurreratu ahala, Natur Arloko errendimendu hobea du haurrak.

Baina, Pentsamendu Logikoaren Garapen mailaz gain, natur-gaiez ikasleak dituen Prekontzepzioek ere eragin garbia dute errendimendu horretan.

Ez hori bakarrik, Pentsamendu Logikoaren Garapen mailan ere eragin garbia dute ikaslearen Prekontzepzioek.

Horrela bada, esan dezakegu, gaitasun operatorioak oso-osoan eguneratu, subjektuaren espezializazio arloan bakarrik eguneratzen direla.

Subjektuaren arrazonamendu-estruktura orokorra zalantzan jartzen da, eta arrazoitzeko modu konkretuagoak kontuan hartzen dira; aktuazio konkretutik hurbil egonik, problema-multzo konkretuago bati aplikatzen zaizkion eskema operatorioak kontuan hartzen dira.

Horregatik, Pentsamendu Logikoaren Garapenaren eta Natur Arloko errendimenduaren artean korrelazio nabaria bada ere, beste faktore batzuk ere kontuan eduki behar dira: Pentsamendu Logikoaren Garapenaren nahiz Natur Arloko errendimenduaren oinarrian dauden Prekontzepzioak.

8. Korrelazio positibo esanguratsua agertzen da Natur Arloko errendimenduaren eta Eremuarekiko Independentziaren artean.

Pentsamendu Logikoaren Garapena faktore garrantzitsua da Natur Arloko kontzeptuen ulerkuntzarako, baina Estilo Kognitiboa ere garrantzi handikoa gertatzen da: Eremuarekiko Independenteek problemak ebazteko garrantzitsuak diren eskemez bakarrik okupatua edukiko dute beren espazio mentala, Eremuarekiko Dependenteek alderdi iruzurti gehiago dituzten bitartean; eta horrek beren espazio mentalari probetxu guztia ateratzea eragozten die.

9. Prekontzepzio oker gutxiagoren eta Pentsamendu Logikoaren Garapen mailaren artean korrelazio positiboa agertzen da, airea, lurra eta ugalketa eta animaliak gai-multzoei buruzko prekontzepzioei dagokienez.

Garapen operatorio altuagoa duenak, prekontzepzio oker guttiago eduki beharko lituzkeela dioen gure hipotesia egiaztatuta gelditzen da gai-multzoen kopuru handi bati dagokionez.

Era berean, prekontzepzio oker guttiago duenak Pentsamendu Logikoaren Garapen maila altuagoa edukiko duela dioen hipotesia egiaztatua gelditzen da.